Albisteak Aitor Sarriegiri segika, iritsi gara azken geltokira

Aitor Sarriegi Galparsoro da Gpuntua: 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelduna. 9.200 bertsozaleren aurrean gailendu da Illunbeko festan. Hemen puntuazio guztiak.

Hona hemen igandeko finalaren kronika, Gpuntuko KronikagileTaldearen eskutik.

Aspaldi izan ez duen betekada izan du gaurkoan Illunbeko zezen-plazak. 9200 lagun bildu ditu bertsoak.

Elkano Browning Creamek eta Garik sintonia interpretatu ondoren 16:50ean egin dute barreratik oholtzarako “paseilloa” Inazio Usarralderen eta Itziar Etxezarretaren atzetik zortzi bertsolariek: Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Agin Rezola eta Jon Martin.

Agurren ondoren seiko motzean aritu dira bertsolariak. Azpimarratzekoa izan da Aitorrek eta Alaiak “bikote seropositibo”aren paperean egindako saioa: “Aitorrek umea izan nahi du eta Alaiak ez du argi ikusten”.

Puntu-erantzunean Iñaki izan da lehena eta lehenengo erantzunetik gogor eta taxuz aritu da. Alaiaren saioa ere azpimarratzekoa izan da.

Saioa poliki-poliki berotzen zihoala sumatzen zen eta zortziko handiko lanek eragin dute gaurko lehenengo eztanda. Jendeak izugarri txalotu ditu “20 urteren ondoren berriro ere elkar ikusten duten” Iñakiren eta Alaiaren lana, eta “2 hilabete dieta egiten aritu ondoren saskia egokitu zaien” Beñaten eta Aginen lana. Aginen hiru bertsoek publikoa sutu dute eta txalo-zaparrada izugarria jaso dute.

Zortziko txikian Unai ederki aritu da Alaiarekin: “biak mendira joan dira”, Unai “tortilla eta zahatoarekin” eta Alaia “bi barrita eta isotarrakin”. Jendearen barre-algarek bete dute berriz ere Illunbe. Beñat eta Jon “txortan aritu dira Beñat lotuta zegoela, eta amaitu ondoren, Jonek lotuta utzi du Beñat”. Bertsoaldi honetan finalari buruzko aipamen ugari egin dituzte.

Buruz burukora pasa aurretik bakarkako lana egin dute bertsolariek. Bakarkako honetan nabarmendu dira Beñat (“nahiz eta bajan egon etxeko lanek akituta uzten dutena”), Aitor (“20.000 eurodun poltsa topatu eta entregatu duena”), Irazu (“bost urtez umea harreran izan duena eta adoptatzea erabaki duena”) eta Jon (“bikotekide kamioilaria galdu berri duena eta aurrean haurra kamioiarekin jostatzen duena”). Bakarkako ariketa honetan hainbat ale hunkigarri entzun dira Illunbeko geltokian.

Bertsolari bakoitzak 15 bertso puntuagarri kantatu ondoren buruz burukora egiteko unea iritsi da. Azpimarratzekoa izan da bertsolarien arteko oreka. Jende artean ez zegoen garbi nork egin zezakeen aurrera, bakoitzaren gustuen arabera batek edo besteak egingo zuela entzuten baitzen. Azkenean Inazio Usarraldek hautsi du inkognita: Aitor eta Beñat izan dira aurrera egin dutenak.

Buruz burukoa:
Buruz buruko duelu bikaina espero zuen publikoak eta bertsolariek ez dute huts egin; punteria zorrotzez aritu dira nor baino nor bertsotan azken kartutxoak ahitu arte. 10eko txikian ekin diote lehiari, “gaztetan lanera Ameriketara joan eta jubilatzean Euskal Herrira itzuli zarete”. Sarriegi gustura dago itzuli izanaz eta Gaztelumendi damu da. Saioa bikaina josi dute biek ala biek, artzain rolean bete-betean sartu eta irudiekin asmatuz.

Bigarren ariketan puntutan librean aritu dira bertsolariak. Finaleko berrikuntzetako bat hauxe izan da, plazan ohiko ariketa dena txapelketako eremura ekarri izana. Bizi-bizi eta umore kolpe ederrak botaz aritu dira, Gaztelumendi erasoan eta Sarriegi erantzunez. Testuingurua eta bertako erreferentziak bikain baliatu dituzte.

Azken ariketa kartzelakoa: hitza emanda bederatziko txikian bertsoa osatu eta ikus-entzunezko bidez emandako gaiari hiru bertso. Bigarren lan honek ikusmin handia sortu du guztiengan. Beñatek ekin dio lehenbizi lanari. Hitza, “muxua”. Ondo bete du 9koa Beñatek eta segidan ikusmin handia sortu duen ikus entzunezkoari heldu dio: bertan, pertsona bat ageri da eguneroko martxan etxera iritsi, sofan eseri eta telebista pizten. “ETAk bere jarduera behin betiko amaitzea erabaki du” notiziaren berri jakiten du orduan. Gaztelumendik bakarkakoetan maisua dela erakutsi du berriro ere ariketa honetan: ikus-entzunezkoaren detaileak egoki txertatuz eta bukaerako ideia landuekin.

Sarriegiren txanda izan da segidan. Hitza emanda bertso hunkigarria osatu du Aitorrek, publikoaren txalo zaparrada itzela piztuz. Ikus-entzunezkoarekin ere ondo asmatu duela esan behar, bere ohiko joskera ederrez eta amaiera indartsuekin.

Lanak amaituta, bertsolariak eta publikoa epaileen ebazpenaren zain. Ez dugu asko itxaron beharrik izan: hogeita seina bertso kantatu ostean, bost puntu eta erdiko aldearekin, Aitor Sarriegi txapeldun! Ezin lehia estuagorik eskatu. Publikoa zutik eta txalo zaparrada itzela.

Sariak banatu ahala, bertsolariek bukaerako agurrak kantatu dituzte, hunkigarriak asko, eta Illunbek puntu gorena iritsi du Lazaro Azkune “inurri nekaezinak” txapela jantzi dion unean. Amaiera hunkigarria izan du Gpuntuak.

Maiatzean hasi eta abenduan amaitu den txapelketak eman du honenbestez berea. Gozatu ederra hartu dugu zaleok tarte horretan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Idatzi honetan ezin da iruzkinik egin.